Bi ikastetxeen arteko lankidetzaren emaitza den estalpe berriak bertako egurra, sabai berdea eta euri-ura aprobetxatzeko sistema uztartzen ditu, mugikortasun jasangarria sustatzeko.
CIFP Plaiaundi LHIIk bizikletentzako bigarren estalpea inauguratu du gaur, CIFP Bidasoa LHIIko Instalazioa eta Altzari Hornikuntzako ikasleek eraikia. Proiektuak 2024an bi ikastetxeek elkarlanean egindako lehen estalpeari jarraipena ematen dio, eta Lanbide Heziketaren, jasangarritasunaren eta ikastetxeen arteko lankidetzaren adibide berri bat da.
Inaugurazioan Maialen Lopez Plaiaundiko zuzendari exekutiboak egin die ongietorria bertaratutakoei, eta proiektuan parte hartu duten guztien lana eskertu du. Ekitaldian Aimar Guzón Plaiaundiko zuzendari operatiboak eta Josu Salegi Bidasoa LHIIko arotzeriako irakasleak ere parte hartu dute, estalpea eraiki duten ikasleekin batera.
Estalpe berria bertako alertze-egurrez eraiki da, Aiako Harria inguruko eta Nafarroako basoetatik datorren materiala erabiliz. Egiturak sabai berdea eta 1.000 litroko edukiera duen euri-ura biltzeko depositua ditu. Jasotako ura Plaiaundiko landareak eta berdeguneak ureztatzeko erabiliko da, baliabide naturalen aprobetxamendua sustatuz.
Eraikuntza-prozesua Bidasoa LHIIko ikasleen prestakuntzaren parte izan da. Diseinutik hasi eta egituraren fabrikazio eta muntaketaraino, benetako behar bati erantzuten dion proiektu batean lan egiteko aukera izan dute. Besteak beste, egur laminatua ikastetxeko tailerrean bertan fabrikatzeko prozedura landu dute, egitura aurrez muntatu eta ondoren Plaiaundin instalatzeko. Inaugurazioan, ikasleek nabarmendu dute bereziki aberasgarria dela egindako lana benetan eraikita eta erabilgarri ikustea.
Aimar Guzónek azaldu duenez, Plaiaundi ikastetxearen kanpo-espazioak inguruko paduren ekosistemarekin lotuta garatzeko lanean ari da. Testuinguru horretan kokatzen da bizikleta-estalpeen proiektua: mugikortasun jasangarria bultzatzea, bertako baliabideak erabiltzea eta ingurunearekiko errespetua sustatzea ditu helburu. Era berean, Bidasoa LHIIko irakasleek eta ikasleek egindako lana eta bi ikastetxeen arteko elkarlanaren emaitza positiboak azpimarratu ditu.
Bi ikastetxeen arteko lankidetza sendotuz
Bizikleta-estalpeak ez dira Plaiaundi LHIIk eta Bidasoa LHIIk elkarlanean garatutako proiektu bakarrak. Bi ikastetxeek aurretik ere hainbat ekimen gauzatu dituzte elkarrekin, eta lankidetza horri jarraipena emateko asmoa dute.
Estalpe berriaren bidez, ikasleek benetako proiektu batean ikasitakoa aplikatzeko aukera izan dute, eta Plaiaundiko hezkuntza-komunitateak bizikletaren erabilera errazteko azpiegitura berri bat eskuratu du.

Albisteak prentsan ikusi:




















