“Zubiak eraikiz” ekimenak gizarte-zaurgarritasun egoerak lehen pertsonatik ulertzeko eta entzunaren balioa azpimarratzeko espazioa eskaini du Irunen
CIFP Plaiaundi LHIIk antolatutako “Zubiak eraikiz: gizarte-eragileen jardunaldiak” a//pirilaren 27an eta 28an egin dira Irunen, gizarte-zaurgarritasun egoerak lehen pertsonatik ezagutzeko eta ulertzeko helburuarekin.
Plaiaundiko Gizarteratze Goi Mailako zikloko 1. mailako ikasleek antolatutako jardunaldiek Bidasoaldean eta Gipuzkoan lanean ari diren gizarte-eragileak eta kolektibo zaurgarrietako pertsonak bildu dituzte, esperientziak eta bizipenak partekatzeko.
Jardunaldietan parte hartu dute, besteak beste, honako erakundeek: Kera, Emmaus, Caritas, Gizagune, Adinkide, Norbera, Agipad, Babesten, Beroa, Irungo Udala, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa eta Irungo Emakumeen Etxea.
Bi egunetan zehar, parte-hartzaileek “besteen azalean jartzeko” ariketa sakona egin dute, bakardade ez-hautatua, indarkeria matxista, mendekotasunak edo zaurgarritasun egoeran dauden familiak bezalako errealitateak gertutik ezagutuz.
Jardunaldien ondoren, hainbat ideia nagusi azpimarratu dira:
Lehenik, aurreiritzirik gabeko entzutea ezinbestekoa dela. Egoera zaurgarrian dauden pertsonek askotan isolamendua pairatzen dutela azaldu da, eta horren aurrean funtsezkoa dela epaitu gabe entzutea, laguntza emozionala eskaintzea eta begirada konplizea izatea.
Bigarrenik, azpimarratu da “zulotik atera daitekeela”, erresilientziaren eta laguntzaren garrantzia nabarmenduz.
Hirugarrenik, komunitatearen zaintzak jarri dira erdigunean. Argi geratu da aurrera egiteko ezinbestekoa dela elkar zaintzea eta harreman sare sendoak ehuntzea.
Azkenik, gizarte integratzaile baten oinarriak azpimarratu dira: entzute aktiboa, mugak jartzeko gaitasuna eta harreman esanguratsuak eraikitzea denboran zehar.
Jardunaldiek agerian utzi dute Lanbide Heziketak gizarte-errealitateekin konektatzeko eta eragin soziala sortzeko duen gaitasuna, ikasleak benetako testuinguruetan protagonista bihurtuz.
Amaitzeko, jardunaldietan parte hartu dutenek mezu argi bat utzi dute:
“Laguntza behar baduzu, eskatu; eta laguntza eskatzen badizute, eman.”




















